9 urtetako haurren ezaugarriak

Dokumentua jeitsi ala inprimatu nahi baduzu hemen sakatu.

9 urteko haurrak Lehen Hezkuntzako 4. mailan egon behar du.
Haurraren adimen-garapenari dagokionez, adin hau Piagetek definitutako “eragiketa zehatzen” aldiko etapan barne hartuta dago
oraindik, baina oso une aurreratuan. Haurrak gauzei buruz duen iritzia ez da berari komeni zaionaren araberakoa. Eskuratzen dituen
ezagutzak beste ezagutza batzuk lortzeko bidea dira, eta haurra ezagutza horien baliagarritasunaz konturatzen da. Gainera,
behaketa, gogoeta, azterketa eta sintesia egiteko gaitasunak erabil ditzake erraz.
Haurraren ezagutza-bide nagusia hitza da, ahozkoa zein idatzizkoa, ulermen mailan zein adierazpen mailan. Hori dela eta, berriz ere
adierazi behar dugu hizkuntza oso garrantzitsua dela haurrarentzat. Psikolinguistek eta psikologoek, oro har, behin eta berriz
azpimarratzen dute adimenak hizkuntzaren garapen zuzenean eragin handia duela eta hizkuntza zuzena erabiltzeak adimenheldutasuna
errazten duela.
7 urteko adinetik aurrera, itzulgarritasun-gaitasunak dakarren eta 11-12 urteko adinera arte garatzen den pentsaera logikoa hasten
denean, adimen-bilakaera hori pentsatzeko edo arrazoitzeko moduan islatzen da, baina, horrez gain, badu eraginik haurraren
gizarte-bizitzan eta harreman pertsonaletan.
Piagetek gai honi buruz egindako azterlanei jarraiki, itzulgarritasun-gaitasunaren erakusgarri izan daiteke, sozializazioari dagokionez,
haurra besteen ikuspuntuan jar daitekeela eta haren asmoak igar ditzakeela.
Haurrak, 7 urterekin, elkar bilatzen hasten dira jolasteko, baina 9-10 urteko adinean hartzen dute esanahi osoa jokoak, taldeak eta
lankidetzak.
9 urteko haur batek, noizean behin besterik ez bada ere, talde batekoa izan behar du, edota, gutxienez, lagun bat izan behar du.
Horrela ez bada, baliteke izaera- eta nortasun-arazoak izatea. Berdinen arteko adiskidetasunak, taldeak, eta jokoak eta haren arauek
garatuko dute, pixkanaka, haurraren morala. Haurra helduekin baino egoten ez bada, gizaki heteronomo eta menpeko bihurtuko da,
eta ez da gai izango bere kabuz jarduteko eta bere iritzia osatzeko. Haurrak bere parekideen eta berdinen artean —eta batez ere
jokoaren bitartez— eskuratzen ditu bere autonomia, independentzia eta etorkizuneko askatasun indibidualaren eta irizpidesegurtasunaren
zentzua.
Jolasten ari diren haur talde batzuk arretaz behatzen baditugu, ia beti “gidari” edo “lider” bat dagoela ikusiko dugu, mutilen artean
batez ere (dakigunez, adin honetan erabat bereiz egon ohi dira neskak eta mutilak, bai eta hezkuntza mistoko ikastetxeetan ere).
Haurrek heteronimia edo mendekotasuna utzi eta autonomia lortzeko egin behar duten urratsa aztertzeko, joko-arauak nola
onartzen dituzten ikus dezakegu. Aurreko etapan, 7 urterekin, arauak kanpotik ezarrita zeuden eta ukiezinak ziren (jokatzen hasi
ondoren arauak ahaztu eta kontuan hartzen ez bazituzten ere). Aztergai dugun adin honetan, aldiz, arauak ez daude kanpotik
baldintzatuta; alda daitezke, taldekide guztiak ados badaude.

Tranpak, gezurrak eta salaketak zorrotz gaitzesten dituzte haurrek, taldearekiko desleialtasuntzat hartzen baitituzte. Batez ere,
jokoan egindako tranpen aurrean dira zorrotzak, eta zelatan egoten dira berriz egin ez daitezen. Haurrak, barru-barruan, irabazteko
bidezkoa zein bidegabea dena egin nahi du, baina indarra taldean dago, eta talde-kontzientziak laguntzen dio kontzientzia
indibiduala lortzen.
Haur txikiek heldu baten laguntza behar dute desleialak ez izateko; 9 urteko haurrek, berriz, jolaskideengan aurkitzen dute laguntza
hori. Etapa honetan, hala ere, talde-kontzientzia hausten bada aurreko jarraibideetara itzultzen dira haurrak, eta helduaren
laguntzaren zain geratzen dira.
Horrela, haurrek elkarren artean jolastu nahi eta behar dute, baina horrek ez du esan nahi helduekin jolastu behar eta nahi ez
dutenik. Nolanahi ere, helduek (eta gurasoen kasuan, bereziki) ez dute saiatu behar haurraren “rola” hartzen, eurena baizik,
taldekidetzat hartzeko ahaleginik egin gabe.
Etapa hau bereizteko, “introiekzio-etapa” dela esan dezakegu. 9 urteko haurra kanpoko munduak eskaintzen dion guztia
bereganatzen saiatzen da, eta bere baitara egokitzen du guztia. Ondorioz, oso komunikagarritasun eta soziabilitate zabalak ditu.
Konturatzen da gauzen balioa eta zentzua ez direla, besterik gabe, berari iruditzen zaizkionak; besteek ere beren ikuspuntua dute.
9 urteko adineko etapa (eta, oro har, 7 urtetik 11ra bitarteko etapa osoa) adin zoriontsutzat edo, psikoanalisiaren arabera, “latentziaadintzat”
hartu ohi bada ere, hori esatea ez da oso zehatza. Haurraren sistema neurohumoralean gertatzen ari diren aldaketen
ondorioz, hunkiberatasuna ezegonkortu egiten da. Haurrak sentimendu, tentsio eta pultsio indartsuak ditu barruan eta, zenbaitetan,
hain indartsuak direnez gero, haurrak bere buruari botatzen dio errua neurri handi batean. Hori guztia haurraren beldurretan
geratzen da agerian eta, bereziki, ametsetan. Amets beldurgarriak izaten dira, mehatxuz beteak. Izan ere, Freuden teoriari jarraiki,
amets orok ezkutuko eduki bat du ageriko edukiaren azpian, eta ametsetan agertzen da haurra egunez asaldatuta utzi duen baina
esna dagoenean —hain aktiboa denez gero— sentitu ez duen guztia. Beraz, kontrakoa pentsatzen bada ere, adin honetako haurrak
gorabehera animiko handiak izaten ditu, eta haren bizitza emozionala konplexua da, aldaketa bortitzekin. Logikoa den bezala, horrek
guztiak depresio iragankorrak eragingo ditu haurrarengan. Nolanahi ere, depresioa iragankorra ez bada eta maiz agertzen bada,
profesionalen laguntza eskatu beharko da, ezohiko asalduren sintoma baita.
Familiaren barruan kide garrantzitsua dela sentitzen du, eta besteek kasu egin diezaioten nahi izaten du. Hala ere, gurasoen arreta
behar du oraindik, bai eta laztanak ere. Haurra sexu bereko gurasoarekin identifikatzeko unerik aproposena da, eta biekin hitz
egiteko behar handia du. Gurasoak trebeak badira, haurrak arazorik gabe kontatuko ditu bere bizipenak, esperientziak, nahiak…, eta
gurasoek esan nahi diotena entzuteko ere irrikaz eta adi egoten da.
Eskola mundu atsegina da oraindik, eta erabat murgilduta dago mundu horretan (eremu horri beste edozein inguruneri baino
garrantzi handiagoa ematen dio). Gozatu egiten du eskuratzen dituen ezagutzekin, dena jakiteko interesa du, eta ez ditu sentitzen
hurrengo ikasturteek ekarriko dizkioten erantzukizunak. Hala ere, hunkiberatasun handia eta segurtasun txikia dela eta, eskolako
arazo txikiek, ikaskideen arteko ika-mikek edota irakaslearen beraren jarrerak krisialdi laburrak baina sakonak eragin ditzakete.
Haurrak horrelako gertaeren aurrean agertzen duen jarrerak gorabehera handiak izan ditzake. Gorabehera horiek
arrazionalizazioekin justifikatu nahi izaten ditu beti haurrak, baina gurasoak kezkatu eta nahastu egiten dira.
Irakaslea oso garrantzitsua da oraindik haurrarentzat, baina bere “rolerako” ez da unerik onena. Etapa hau oso lehiakorra da;
irakasleak badaki hori eta, kontzienteki edo inkontzienteki, lehiakortasun hori errendimendu hobea lortzeko sustatzen saiatzen da,
baina haur bakoitzak lehiakortasunaren sustapen hori oso era ezberdinean uler dezake: batzuentzat ekiteko eta hobetzeko akuilu
izan daiteke, baina, beste batzuentzat, aldiz, kaltegarria da, eta frustrazio-iturri. Izan ere, eskatzen zaiena lortuko ez dutelakoan, eta
ikastaldeko onenen artean egongo ez direla jakinik, jarrera pasiboa eta ezkorra hartzen dute.