8 urtetako haurren ezaugarriak

Dokumentua irakurri, jeitsi edo inprimatu nahi baduzu hemen sakatu

Gesellek emandako izena oso egokia da, hedakortasun eta kanporakoitasun hori adin honetako haurren ezaugarri bereizgarria baita (nortasunari zein egiten dituzten gauzei dagokienez).
Haurrarengan oroitzapenak metatzen hasten dira, eta pertzepzioaren bidez jasotzen dituen irudiak finkatu egiten dira. Ondorioz, munduaren ikuskera errealistago batera, nolabaiteko adimen-objektibotasun batera iristen da haurra.
Ikasturte honetan, beraz, intuizio-ezagutzatik dedukzio-ezagutzarako urratsa ematen has daiteke haurra, gaingiroki bada ere. Edonola ere, haurrak adimen-abentura hasteko oinarria badu bere egitura mentalean; inguruko mundutik zenbait ondorio ateratzeko gauza da.
Piagetek adimenaren bilakaeraren inguruan egindako azterlanei jarraiki, 8 urteko haurrak 7 urteko adinarekin hasitako «eragiketa zehatzen» aldian jarraitzen du oraindik (berezko «eragiketa zehatzen» bigarren etapan). Eraldatze-prozesua egiteko gaitasunaren, itzulgarritasunaren, deszentrazioaren eta jarduerak buruan barneratzeko gaitasunaren introiekzioa osatuagoa da haurrarengan.
6 urte egin arte modu sinkretikoan hautematen zuen eta kaos handia iruditzen zitzaion kanpoko mundua antolatzen hasi zen haurra 7 urterekin. 8 urterekin, aldiz, bere ingurunea antolatuta dagoela sentitzen du haurrak; ondorioak, testuinguruak eta sekuentziak ikusten hasten da, ezagutzak landu eta objektibizatu egiten ditu, ulertzeko ahalmen handiagoa du eta munduaren jarraitutasuna susmatzen du. Horrek bere burua besteak bezalako izaki gisa ikusten laguntzen dio eta, Gesellek dioen bezala, 8 urteko haurra bere inguruneaz gozatzen eta bertan parte hartzen ikus dezakegu.
Haurraren intimitatea zabalagoa da orain; bere bizipenekin osatzeaz gain, besteen ekarpenekin aberastu du.
Agian, orain arte adierazitako guztia da haurrak parte hartzeko erakusten duen gogo biziaren jatorria. Gainera, jakin-mina lehen baino handiagoa denez gero, eta ezagutzak eskolan eskuratzen dituenez gero, eskolako mundua jardueren alderdi garrantzitsuena da adin honetan; gainerako guztia eskolaren jarraipen bihurtzen da. Ikastaldean gogo biziz hartzen du parte, arbelera irtetea gustatzen zaio, besteei egindako galderei erantzun nahi izaten die, eta egiten duen edozein gauzari besteek oniritzia berehala eman diezaioten nahi du. Gauza asko egin nahi izaten ditu, eta presaka, itsumustuan egiten ditu. Gainera, agintzen diotena egin ordez, gustatzen zaiona aukeratzeko joera izaten du. Ikasteko gogo eta grina hori dela eta, ikastaldean lantzen diren gai gehienak onartzen ditu, bai eta errepikatzen jakin ere (eta oso ongi askotan), baina ez dugu pentsatu behar ezagutza horiek benetan barneratu dituenik.
Horrekin guztiarekin, ondorio garrantzitsu batzuk atera ditzakegu, haurraren etorkizuneko ibilbiderako batez ere. Gauza askoren kontzeptuak garbi atzemateko gai da haurra 8 urterekin, eta esaten diren gauzetan eta irakurtzen den horretan pentsatzen, gauzak zalantzan jartzen eta zalantza horiek argitzen erakutsi behar zaio; hau da, kontzeptuak testuinguru egokian erabiltzen eta kontzeptu horiek azaletik aztertzeko ohitura saihesten jakin behar du