7 urtetako haurren ezaugarriak

Dokumentua irakurri, jeitsi ala inprimatu nahi baduzu hemen sakatu.


 

 

Begirada bizkor batean, badirudi lehen mailan dagoen 6 urteko haurraren eta bigarren mailan dagoen 7 urteko haurraren artean ez
dagoela ezberdintasun handirik, baina hori ez da horrela. Ezberdintasunak nabarmen samarrak dira, adimenak izaten duen
bilakaeratik hasita. 7 urtetik 11ra bitarteko aldian gertatzen dira Piaget-ek “eragiketa zehatz” deitutakoak, eta 7 urterekin hasten da
bigarren fasea deitzen zaiona. Aurreko etapako haurrarengan pertzepzioa eta intuizioa zen nagusi; 7 urteko haurrak, aldiz,
esperientzia zehatzetan (ikus eta uki daitezkeen gauzetan) oinarritutako logikarekin jokatzen du. Pentsamendu abstraktutik oso urrun
dago oraindik, baina haren arrazoibidea logikoa dela esan dezakegu. Adibidez, objektuen transformazioak ulertzeko gai da, eta
jarduerak adimen mailan barneratzen hasten da, oraindik arazo gehienak “saiakuntza eta errorearen” metodoaren bidez konpontzen
baditu ere.
7 urteko haurren ezaugarri garrantzitsu bat jakin-min handia da. Lehen “zer?” eta, ondoren, “nongoa?” galdetzen zuen. 7 urterekin,
ordea, ez da nahikoa, pentsaera asoziatiboak pentsaera sinkretikoa ordezkatu baitu. Haurrak “Zerez egina dago?”, “Nola egiten
dira?”, “Nola funtzionatzen dute?” eta “Gauza bat egitean, zergatik gertatzen da beste bat?” galdetzen du.
Haurrak oso modu zehatzean ulertu behar ditu gauzak. Egiten duenaren eta bizitzen duenaren bidez ikasten du, eta irakasleak oso
kontuan izan behar du hori. Irakasleak, modu batean edo bestean, ikastaldean lantzen ari diren gaia haurraren munduarekin lotzen
saiatu beharko du irakasteko.
7 urteko haurra kalkuluaren hastapenak ulertzeko gai da. Badaki 4 gozoki baditu eta beste bi gehiago ematen badizkiote 6 izango
dituela, edo zituen 3 txikleetatik bat ematen badu bi geratuko zaizkiola; badaki, halaber, laurden bat zer den, eta ulertzen du gauza
simetriko bat bitan zatituz gero ez direla bi zati lortzen, besterik gabe, bi zati berdin baizik.
Oso kontuan izan behar dugu oroimena oso indartsu agertzen dela adin honetan. Oinarrizko teknika hori oso garrantzitsua da, Lehen
Hezkuntzako 1. etapan batez ere. Hala ere, bi ahoko arma bihur daiteke; izan ere, ongi erabiltzen ez bada, laguntza izan ordez
adimenaren ordezko bihur daiteke. Eta guk irakatsi behar diegu oroimena behar bezala erabiltzen.
Edonola ere, gauzak modu zehatzean ulertu behar izateaz gain, era ordenatu batean ulertu behar ditu, bere mundua egituratzea ere
behar duen bezalaxe. Horren adierazgarri dugu haurrak gauzak ordenatzeko, zerrendak egiteko eta, batez ere, objektuen bildumak
egiten hasteko agertzen duen beharra (oraindik kantitateari kalitateari baino garrantzi handiagoa ematen badio ere).
Erraz egiazta daitekeenez, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako eskolak Haur Hezkuntzakoak (horietan mugikortasuna etengabea
da) eta Lehen Hezkuntzako lehen mailakoak baino lasaiagoak dira. Bigarren mailako ikasleak, lasai eta jakin-minez, gogo handia
jartzen du egiten duen guztian. Hala ere, ez dugu ahaztu behar haurraren arretak (adin honetan askotan borondatezkoa da) ez duela
luzaroan irauterik. Hori dela eta, beren gaitasunei egokitutako zeregin laburrak egin behar dituzte haurrek. Izan ere, adin honetan
ondo geratzea gustatzen zaie, eta zerbait egin ezin badute, oso larri sentitzen dira.