6 urteko haurren ezaugarriak

Dokumentua jeitsi ala inprimatu nahi baduzu hemen sakatu.


Adin honetan hasten da Lehen Hezkuntza.
Bilakaera psikologikoaren ikuspuntutik, Piaget-ek dioenez, 6 urteko haurrak hitzezko adimenaren etapan murgilduta jarraitzen du, intuiziozkoa deritzon pentsaeraren barruan.
Wallon-en arabera, pertsonalismoaren aldia amaitzen da 6 urteko adinean.
Psikoanalisiak adin honetan kokatzen du latentzia-aldia.
Eta, azkenik, arrazoibidea zehatza da adin honetan, jakina, eta pentsaera pertzepzioari lotuta dago. Hori dela eta, haurra ez da pentsamendu abstraktuak egiteko gai.
Adin honetan, haurrek gauza guztiekiko interes handia eta gogo bizia agertzen dute. Horregatik, komeni da haien jakin-minari eta bilakatzeko eta hazteko ahalmen handiari behin eta berriz erantzutea.
Etapa honetan funtsezkoa da ohiturak sortzea, jarrerak bultzatzea eta baien interesari erantzutea, ikas dezaten.
Afektibitatearen ikuspuntutik, adin honetako haurrak afektua behar du eta, aldi berean, afektua erakusten du. Afektibitate-gabeziaren ondorioz, haurrek bilakatzeko zailtasun larriak izan ditzakete, eta tristeak, oldarkorrak, uzkurrak edo dohakabeak izan daitezke.
Kontuan izan behar dugu 6 urteko haurrak, gurasoekiko eta hezitzaileekiko harreman dinamikoan, horien hitzak era subjektibo samarrean eta, zenbaitetan, hitzez hitz interpretatzen dituela. Hortaz, aitak edo amak haurraren hutsegite bat dela-eta "Tentela da ume hau” esaten badu, ezintasun-sentimenduak eta minusbaliotasun-bizipenak sor ditzake horrek haurrarengan (aldez aurretik horretarako joerarik izanez gero).
Psikomotrizitatearen ikuspuntutik, haurrak jolastu egin behar du lehenik eta behin. Halaber, argi eta garbi dago muskulu-trebetasunak lantzea adimen-ahalmenak garatzea bezain garrantzitsua dela.
Harremanen ikuspuntutik, adin honetako haurrak galdetu egiten du, kontsultak egiten ditu, harremanak egiten ditu…, eta guk jarrera horiek bultzatu behar ditugu. Horretarako, benetako komunikazioa ezarri behar dugu haurrarekin, eta haren gauzekiko interesa azaldu behar dugu, haren interesen alde egin behar dugu eta abar.
Haurrak ez du atalka funtzionatzen, osotasun gisa baizik.

Haurraren autoestimua eta bere buruarekiko segurtasuna indartzen saiatu behar dugu. Adin honetan, haurrak gurasoen iritzietan begiratzen dio bere buruari (eta, batez ere, amaren edo aitaren iritzietan). 6 urteko haur bati azkarra, ona eta trebea dela adierazten badiogu, bere benetako gaitasun guztiak agertuko ditu emaitzetan. Aitzitik, gure hezkuntza-jarrera kritikoa, zorrotza eta zentsuratzailea bada (hutsegiteak nabarmentzen baditugu eta laudorioetan motz geratzen bagara), beti zalantzan egongo diren eta gero eta gauzaezago agertuko diren haur baldarrak, segurtasunik gabeak eta grinatsuak egingo ditugu.
Beldur funsgabeak saihestu egin behar dira; izan ere, adin honetan haurrak oso sentiberak dira eta 3 urterekin baino gaueko beldur larriagoak izan ditzakete, adin horrekin ez baitzuten “hainbeste pentsatzen”.
Haurrak esfinterrak kontrolatu behar ditu adin honetan. Horrela, beraz, gauero edo gau askotan ohean pixa egiten badu, “enuresi” izeneko arazoa du, eta pediatrarengana joan beharra dago. Beste kontu bat da haurrak noizean behin gainean pixa egiten badu, tentsio edo urduritasun handiko uneetan bereziki; hori normala da, ez dago enuresirik.
Arazo pertsonalen adierazgarri izan daitezkeen beste sintoma batzuen artean, honako hauek aipa daitezke: barnerakoitasun handia, era guztietako tentsio-sindromeak, arazoak otorduetan, tikak eta hipermugikortasuna (gehiegizko mugimendua), gezurretan ibiltzea edo sarritan lapurtzea, tristura, jarrera oldarkorra, itxurazko afektibitate-errepresioa…
Oro har, 6 urteko adina ez da bereziki zaila; normalean, haurra kezkarik gabe, maitekor eta komunikatibo egon ohi da.
Sozializazio-prozesua areagotu egiten da. Haurrek, egunetik egunera, gauzak hobeto konpartitzen ikasten dute eta galtzen ikasten hasten dira, nekez eta gutxitan bada ere.
Horrela, beraz, 6 urteko haurra oso malgua da oraindik, eta ematen zaion heziketak garrantzi handia izango du ondorengo bilakaeran.